viernes, 7 de septiembre de 2018

ZER DA ARTEA?

Resultado de imagen de arteArtea


Gaur egungo antropologiaren inguruko ikerketek adierazten dutenez, gizakia beste animaliengandik bereizten duten zenbait elementuren artean sormena, abstrakzioa eta irudimena bezalako gaitasunak dira. Horiek guzti horiek dira, hain zuzen ere, arte deitu izan den ekimenaren jatorrizko tresna batzuk.

Horretaz aparte, jakina, sormenezko lanez gain (musika, poesia, pintura, eskultura...), bestelako akuiluek eragina izan dute kulturaren historian zehar. Hortxe ditugu, besteak beste, elikagaia lortzeko beharra, inguru geografikoak eragiten dituen erantzun kultural ezberdinak, erlijioak edo izpiritualtasunak bultzaturiko ekarpenak, unean uneko botere politikoak edo ekonomikoak beren alde lerratutako erantzunak, etab.

Garbi dago, beraz, artea oso fenomeno konplexua dela eta neurri handi batean faktore askoren menpekoa: artelana burutzeko materialak, agintarien nahiak, gizatalde baten beharrak edo ametsak, egileak transmititu nahi dituen sentsazioak edo mezuak, halabeharra , eta beste.

Dena den, arteak adar askoko norabide estetikoa du: indibidualtasuna eta sozialtzailea, konkretua eta orokortzailea, apurtzailea eta/edo kontinuista, sinbolizatzailea edo ikonografiko hutsa...

Arestian esandakoak, berriz, zirriborro txiki bat besterik ez digu ematen ekintza artistikoaren gainean. Izan ere, artearen balioa, balioa badu , neurgaitza da, neurrigabea bere txikitasunean edo oso arrunta bere berrikuntzetan; erabat bukatugabea eta naturatik hazita, naturaren kontrakoa.

Arteak, azken finean, eskatzen duena eta era berean eskaintzen duena galdera piloa baino ez da eta horiek erantzutean emaitza finkorik ez dugu lortuko; fruitua beste galdera ez bada.
Hala ere, fenomeno artistikoari hurbiltzean zer den harrapatzen saiatu beharko genuke, behintzat. Horretarako, honako ezaugarriak hartu beharko genituzke aintzat:
1.- Artea kontzeptu aldakorra da denboran nahiz espazioan zehar.
2.- Tradizio historiko baten barruan kokatzen da.
3.- Artea, teknika zein lan -era konkretuei atxikitzen zaizkio.
4.- Orokorrean, artistikotzat jotzen dena eta erabilgarria ez dena identifikatu ohi dira.
5.-Arteak esperientziaren mugak handitu eta errealitate ezberdinak azaldu egiten ditu.
Horrela, artea sentsazioak direla esango genuke. Sentsazio estetiko nahiz sinbolikoak, ekarpenezkoak ala arbuiatzezkoak. Aurrekoa lortu ahal izateko beharrezkoak dira kontenplazioa eta hausnarketa prozesua.
Horregatik ikuspuntu metodologiko zehatzetik begiraturik, oso zaila dugu definitzea. Dino de Formaggiok, hau dio:" artea da gizakiak artetzat hartzen duen oro." Gronbichek, berriz: " artea ez da, egitan, esistitzen . Bakarrik daude artistak ".
Iritziak iritzi, dudarik ez dago artearen historian zenbait diskurtso errepikari eman direla. Hortxe ditugu, esaterako, artearen begirada soziala batetik, artea arteagatik bestetik eta introspekzioa azkenik.
Lehenengoaren bidez, artistak bere esparru pribatutik at dagoena ikertu, azaldu, irudikatu eta erabiltzen du ondorio estetiko nahiz sozial jakinak lortzeko. Honi kanpoaldeko begirada deituko genioke.
Bigarrenaren arian, artistak arteari berari egiten dio galde, artearen izaera autonomoa aldarrikatuz. Prozesu honetan artelanak, berezko unibertso baten partaide bihurtuta, artearena alegia, ez du mundu errealarekin inolako loturarik bilatzen .
Azkenik, Introspekzio deitu izan dugun portaera artistikoaren bidez, aldiz, egileak bere baitan murgilduta barne sentimenduak, zirrarak, kezkak, etab. azaleratzen ditu.










https://issuu.com/juanancarballo/docs/artearen_historia_sarrera. ZER DA ARTEA?